Header image

Pensando sin barandillas,
reinventando con los movimientos desde la acción

 
    INICIO

AHT Gelditzeko mugi gaitezen!!
10 minutu lehenago ailegatuko zara bainan… zeren ordain?

Abiadura Handiko Trena… Abiadura handia bai, bainan… zeren ordain?? Hor dago koska!  Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Sustapen Ministerioaren arteko lanen ondorio da AHT. Gizarteari informazio ezarekin inposatu nahi dioten proiektua dugu.

Goazen bada agertoki honetan gauzak argitzen, aktore eta aktoresak ezagutzen…

Bi ditugu proiektu honen oinarriak; batetik, espainiar Abiadura Handiko Planaren Garapena. Plan honetan diseinatu baitira Europako Batasunarekin bat Abiadura Handiko zenbait trenbideen proiektua. Bestetik, Europako Batasuneko Higipenaren Zuzendaritzaren plana dugu aipatzeke, izan ere, honetan bai Euskal “Y”-ren bai eta “H”-ren beharrizana aldarrikatzen baita.

2001eko otsailaren 27an Gobernu Kontseiluak, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro eta Etxebizitza Sailak, Lurzoruaren Ordenapen Sailak bai eta Garraiobide eta Lan Publikoen Sailak aurkezturiko Euskal Autonomi Erkidegorako Trenbide Sareetarako Plan nagusia onartu zuen. Honetan trenaren eraikipenez urratutako lurraren ordenapenaz, zenbait politika sektorialen koordinapenaz e.a. informazioa jasotzeaz gain proiektuaren ildo nagusienak biltzen ziren; Hala, AHT-k guztira 443km ibilbide dituen proiektu zabalago batean, kokatzen ditugu euskal Y-ri dagozkion 180km-ak. Horrela, Tolosa dugu Y-a, H bihurtzen zaigun gunea, Nafarroako eta segidan Zaragozako bidea hartzeko. 75km tunel izanen ditu beharrezko proiektu honek, zeinen sorrera mendi aunitzen zanpaketa dakarren. Nahiz eta datuak datu diren, eta errore tarte bat izan dezaketen, ezin pasa liteke horien gain bihotzean amildurik izan gabe.

Abioia edo trena? Gero eta arinagoa den munduan gauzak dasta ezinak bihurtzen diren heinean AHTk ere, munduko lasterketa ero honi eskua ematen dio. 250km/orduko abiadura hartu dezakeen trenaren sorrerak ez dio, bada, bizitzaren emergentziarako balaztei fabore ematen. Bai espainiar Gobernuak, bai EAEko Gobernuak aurreko datuen txanponaren alde berdea, gorria eta horia ikusten dute. Euskal garapen ekonomikoaren bultzada, lanpostuen sorrera, turismoaren gorakada… bainan kolore horien atzean ageri den isla diruaren urre kolorea baino ez da. Modernitatea, lanpostuen sorrera, mundu berriari ateak irekitzea... gezurra dirudi trenbide azpiegitura batek horrenbeste aurrerapen ekar dezakeen. Honetan ere, txanponak bere alde beltza agerian usten du. Halaxe aurkeztu dute bai lagun ekologistek, bai AHTren kontrako Asanbladako kideek, proiektua aurkeztu eta aldarrikatu dituzten kritika aunitzekin.

Gauzak honela, aurkeztu den proiektua ba ahal dio Euskal Herriak eta euskal biztanleok ditugun beharrizanei erantzunik ematen? Horixe dugu lehengo gogoeta kritikoa egiteko gauzatu beharreko itauna.

Hainbat ikuspegitik erantzuna eman geniezaioke galderari. Hala ere, ikuspegi olistiko honek dituen bakaneko adarrak osoki zuzena eta berbera den erantzuna paratzen dute; EZ!
Teknologiak, denborak, lurraldearen konfiguratzea, argudio eko- sozialak zein kulturalek aunitz daukate esateko afera honetan.

AHT gauzatzeko lanak bai eta mantentze lanak atzerriko enpresek egikaritu behar izateak dependentzi teknologikoa dakarrenaren dudarik ez da. Hortaz, aurkitzen gara lurraldea sektorialki banatzen duen azpiegitura baten aurpegira so. Honek agerian usten du nukleo sozial aunitzen sorrera, izan ere, zonalde handien garapena emanen da besteen kaltetan; honek dudarik gabe ezegonkortasun sozial agerikoa izanen du atzetik.

Nahikoa saila da tren azkar honek dakarren ondorio ageriko zein ezkutuko ororen marrazketa luzatzea. Bizi kalitatea, ekosistema, ingurugiroa bortizki izanen ditu etsai lurzoru jale handi hau den makroproiektua. Hiper- garapenaren izenez akabatuko dira Nafarraldeko nekazal lurraldeak, Arabako lurzoru hasiak, e.a. Hala, proiektua den hau ez da naturak eman digun formara moldatuko, proiektuak akatuko du forma naturala …

Ekoiztu kutsatuz… Trenaren ibilbidean kokatzen den lurzoruaren morfologia erabat menditsua izanik mendi horien guztien biziaz so egin beharko genuke, izan ere, 128km mendi zulatu egin beharko dira abiaduraren trena eraikitzeko, 118 tunel, 55 zubibide… Era berean, ekosistemaren beste zati bat beldurrez begiratzen du proiektua, izan ere, 9000 espezie ornogabeko, 9 espezie anfibio, legalki babestuak dauden 12 animali espezie eta lore aunitz hilko dira bidean.

Bestetik, nondik aterako dira beharrezkoak diren harriak, basaltoa, e.a. harrobi berrien irekiera suposatuko ahal du honek? Aralarreko zonaldea dugu berriro ere, mehatxupean… Zaratak, bizi kalitateari irabaziko dio erronka AHT eraikiz gero.

Boroari ez, Garoñari ez!Honen ildotik, argi dago aurretik paratu ezaugarriak dituen trenak elektrizitate aunitz beharko duela mugitzeko. Energi zama horrek, zentral nuklearretatik eta termikoetatik ateratzea baino ez da posible, horrek suposatzen duen arrisku ekologikoa kontuan izanik.

Aunitzetan azpimarratu da AHTk ekarriko duen lan karga lanpostu berrien sorrera izanen duela bide. Gauzak, ez dira, tamalez, inoiz horren errazak izan errealitatean. Horren adibide Frantziakoa dugu, non TGVaren (Trent de Grand Vitesse) sorrerak suposatuko zituen 8000 lanpostuak baino, 6000 gutxiago sortu zituen.

Hala, AHTk gizarte eredu neoliberalean ditu sustraiak, hori baitugu inposatzen bide den gizarte modua. Horren aurrean aunitzak izan daitezke AHTri alternatibak. Batetik, AHTri STOP esan eta jada dauden bideak europar bide sareen zabalerara moldatu. Bestetik, ditugun bide- sareak mantendu, aldaketarik proposatu gabe, bai bainan trenbideen hobekuntza sostengarriak bultzatu. Hortik egokiena ohiko trenaren bultzadaren alde jotzea da, hobekuntzak hobekuntza baino lurralde lurralde dela kontuan izanik.

Horren aurrean zen esaten du herriak? Zati handi batek, ohikoa den desozializazioaren ondorioz hitzik ere ez du bota. Horri, instituzioen ohikoa den desinformazioa gehitzea legokiguke ingurugirorako pozoi ezin hobea prestatzeko horren magikoa ez den formula. Hala bada, proiektuak jotzen duen herri batzuetan herri kontsultak gauzatu dira, Urbinako herritarrek joan den uztailaren 16an herri galdeketa egin dute eta biztanleen artean dagoen desadostasun irmoa adierazi baino ez da egin, horrela aurrera poliki- poliki bidean jarraitu ilunpean aurkitzen den tren ekonomiko azkarren kontra…

Animalien, loreen, guztien etxebizitza dago arriskuan,  horregatik; AHTri EZ!!!


Artikuluan agertzen diren datu gehienak AHTren Kontrako Asanbladak idatziriko lerroetatik izan dira aterata. Informazio gehiago nahi ezkero: http://www.sindominio.net/ahtez/